• 16 UZT 14

    Errenteriako EAJk Hibaika Arraun Elkartea omenduko du aurtengo Madaletenako VII. Haurren Kross Txapelketan

    “Egin duten lan, ahalegin eta lortutako guztiagatik, eta bereziki, elkarteko arraunlari guztiak eredugarriak direlako, aurtengo VII edizio honetan Hibaika Arraun elkarteari egingo diogu omenaldia” adierazi du Maite Peña bozeramaileak.

    EAJko udal taldeko bozeramaile Maite Peñak prentsaurreko bidez eman du ezagutzera Errenteriako EAJk antolatzen duen Madalenetako VII. Haurren Kross txapelketako omendua. “Joan den urtean egin bezala, azaldu du zinegotzi jeltzaleak, urtero Errenteriako kirolaren aldeko autua egiteaz gain, gure Herriko kirolzale eta kirol giroaren lekuko diren kirolariak omenduko ditugu”. “Aipatu kirolariak gure haur eta gazteen adibide eta ispilu dira, eta haurren Kross lehiaketa honetako partaideak dira eta izango dira Errenteriako oraina eta etorkizuna” aitortu du Peñak.

    Peñak azaldu duenez, herriko lehen trainera 1952an sortzen da Oiartzun, Lezo eta Errenteriako talde baten eskutik. 1953 urtetik aurrera Kontxako estropadetan parte hartu zuten eta 1976 urte bitartean hainbat garaipen lortu zituzten txapelketa desberdinetan. 1987an HIBAIKA arraun elkartea sortzen dute elkarteko bazkideek eta 1990 urtean Hibaikak Kontxako sailkapeneko estropadetan parte hartzea lortzen du. 1996an bost nesketako talde batek Hibaikako lehen batela osatu zuen eta 1997an nesken liga berria hasi zen eta Espainiako batel txapelketan parte hartu zuten, gaztetxoek lehen domina eskuratuz beheko mailetan.

    2010 urtea historikoa izan zen klubarentzat, jarraitu du bozeramaileak, batelen ligaxka, Gipuzkoako batelen txapelketa eta Euskadiko txapelketa irabazi baitzituzten eta Espainiako txapelketan ere parte hartu zuten. “Azken urteotan ere batel eta traineretako ligetan oso emaitza onak lortu dituzte, horren adibide dira aurtengo Hibaikaren lorpen eta garaipenak, nesken traineruak 2. postua lortu du Gipuzkoako ligako lehenengo estropadan eta mutil seniorrak Donibane Lohitzuneko estropadaren bandera irabazi dute” gaineratu du Peñak.

    Kirol alorrean izandako ibilbide luzea dela eta, Maite Peñak jakinarazi du uztailaren 24ean, Haurrentzako Krossa amaitzerakoan egingo zaiela arraunlariei omenaldia eta omenduek izango dute sariak irabazle txiki eta gazteei banatzeko ardura.

    Krossari dagokionez, jeltzaleak azaldu du hiru mailatan banatuko direla parte hartzaileak: txikienak (2003-2004 artean jaiotakoak), kimuak (2001-2002) eta haurren mailakoak (1999-200).”Txikienek 850 m. egingo dituzte, kimu edo alebinek 1000 m eta azkenik, haurren mailakoek 1500 metrotan arituko dira lasterketan” adierazi du. “Irteera Batzokiko parean izango da, Koldo Mitxelena plazan, 12,00etan eta sari banaketa berdintasunen irizpideen baitako izango da, neska zein mutilek aukera berdinak izan ditzaten” gaineratu du.

    Bozeramaileak azpimarratu du Errenteriako EAJk, haurrentzako Krossa antolatzeak helburu duela, Madalenetako jaietan gure haur eta gazteen artean ohitura osasungarriak bultzatzea eta txikienentzat jaietan kirolari tartea egitea da.

    Azkenik, EAJk, eskerrak eman nahi dizkie laguntza eman duten erakunde eta komertzio guztiei: Ayestaran bitxitegia, Iparbus, Super BM, Frutas Rosarito, Batzoki Jatetxea, Bar Juli, Irrintzi taberna, Errenteriako Udala eta bereziki, antolakuntzan asko laguntzen gaituen Club Atlético Renteria-ri.

    “Errenteriako neska-mutiko guztiak parte har dezaten deialdia egiten dugu eta lasterketaren amaieran, indarrak berreskuratzeko, jaki goxoak ere izango dituzte antolatuko dugun luntxean” amaitu du Peñak.