2008-02-28EKONOMIA ITUNAREN ALDE
Markel Olano Arrese
Gipuzkoako Ahaldun Nagusia
Gaur, 2008ko otsailaren 28a, egun garrantzitsua da Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernuarentzat.
Gure Ekonomia Itunak, Euskadiko autogobernu ereduaren osagaietako jatorrenak, funtsezkoenak eta berezienak, proba garrantzitsu bat pasako du, berreskuratu genuenetik igaro diren argi-iluneko 30 urte hauetan pasa dituenetako garrantzitsuena.
Gaur, Luxenburgoko Justizia Auzitegian, ahozko ikustaldia egingo da Ekonomia Ituna Europan zerga sistema orokor gisa eratuta dagoen ala ez erabakitzeko prozesu judizialaren inguruan. Hau da, gure zerga sistema Europar Batasuneko edozein herrialdek edo estatuk duen zerga sistemaren parekoa den ala ez erabakiko da.
Zenbait jarrera politikok eta erabaki judizialek urte hauetan bultzatu duten Ekonomia Itunaren etengabeko judizializazioaren atal berri bat izango da gaurkoa. Egoera horrek okertu egin du politika ekonomikoaren eta euskal autogobernuaren oinarrizko baliabide gisa Ekonomia Itunak izan duen ibilbidea.
Euskal politikariek, herritarrek eta gizarte eragileek, ia aho-batez, babesa eta defentsa adierazi dioten arren, Ekonomia Ituna ataka batean dago eta, epe laburrean hartuko diren erabakiek markatuko dute euskaldunon zerbitzuko baliabide gisa izango duen baliagarritasuna.
Egoera horretan, hausnarketa egin nahi dut gure autogobernuaren instituzio nagusi horren funtsezko ezaugarrien edo oinarrizko alderdien inguruan, eta euskal erakundeok mehatxu horren aurrean egin ditugun erreklamazioen inguruan.
Lehenengo hausnarketa bere baliabide izaeratik haratago doa eta izenetik beretik sortzen da. "Itun" hitzak ezin hobeto erakusten du instituzioaren oinarrian dagoen adostasun izpiritua. Hitzarmen hau ez da eskumenen deszentralizazio-, ahalmenen lagapen- edo pribilegioen emate-prozesu baten emaitza, batzuk hala azaldu nahi izan badute ere, konstituzio osteko aldian etengabekoa izan den errekurtsoen eta auziperatzeen kateari ekinez. Aldiz, alderantzizko prozesu baten emaitza izan da, non lurralde historiko foralek ahalmen batzuk gorde dituzten, hain zuzen ere zerga eta finantza alorrekoak, Estatuari beste batzuk eman eta gero, XIX. mendean foruak indargabetzeko prozesuaren ondorioz.
Horrenbestez, Ekonomia Ituna Estatuak berak daukanaren pareko burujabetzaren aitorpena da, kasu honetan zerga eta finantza alorrean; eta aldi berean, Euskal Herriaren eskubide historikoak eguneratzeko funtsezko elementua da.
Aipatzekoa da, halaber, bere instituzio izaera, Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanak bideratzeko, eta zerga kontuetan ez ezik finantzakoetan ere aldebakarreko arriskuak bere gain hartzeko bitarteko gisa. Estatuak ez du inolako esku hartzerik Euskadiko diru sarreretan edo zerga kudeaketan, ez eta gure gastu publikoen estalduran ere; beraz, zerga eta finantza kudeaketa onaren edo txarraren onurak edo kalteak guri baino ez dagozkigu.
Ekonomia Ituna osorik berritu zen, azkenekoz, 2002an, eta horren ondorioz berariaz jasota geratu zen Ekonomia Itunaren sistemak berezkoa zuen finantza autonomiaren printzipioaren aitorpena, lehendik aurreikusita zituen arauak emateko eta zergak kudeatzeko ahalmenei gehitu zitzaiena; hartara, gure erakundeek maniobra ahalmen handia eskuratzen zuten politika ekonomikoko neurriak hartzeko.
Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa delako, azpimarratu nahi dut Ekonomia Ituna bitarteko garrantzitsua dela, oro har, euskaldunon, eta bereziki, gipuzkoar guztion garapen ekonomikoa eta ongizatea lortzeko. Benetan uste dut euskal gizarteak azken hamarkadetan, hazkunde ekonomikoari nahiz gizarte ongizateari eta kohesioari dagokionez, bizi izan duen garapena eta aurrerapena pentsaezina litzatekeela Ekonomia Ituna bezalako bitarteko bat izan gabe. Areago, nire ustez, orain hogeita hamar bat urte Ekonomia Ituna berreskuratu genuenetik hasita, euskal erakundeek egindako kudeaketa lan bikaina gure ekonomia berpizten lagundu duen faktoreetako bat izan da.
Horiek dira gure Itunaren argiak, baina lehen aipatu dudanez, baditu ere bere ilunak.Oraindik erabakitzeko dauden gaietako lehena, eta nire iritziz ezinbestekoa dena, Estatuari dagokio eta zerikusia dauka Ekonomia Itunaren hitzarmen eta erakunde izaerarekin; hain zuzen ere foru arauak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean berrikustearekin (foru arauak gotortzea izenez ezagunagoa dena). Ugariak izan dira Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean aho batez hartutako erabakiak, foru arauak Auzitegi Konstituzionalaren irizpenera jartzeko errekurtsoa prozedura
ad hoc baten bidez egiteko.
Arazoa oso sinplea da, erakunde itun bat, erakunde egituran hain garrantzitsua eta tentuz ibiltzekoa den gai bat, zergarena, ezin daiteke administrazioarekiko auzitegien zoriaren mendean egon. Ezinezkoa da foru arauek izen hori izateagatik, hau da arauak izateagatik eta ez legeak, interesen bat argudiatzen duen edonork haien aurka errekurtsoa jartzerik izatea eta ez egotea subjektu jakin batzuk errekurtso horiek aurkezteko legezko eskubidea dutenak, Nafarroan gertatzen den moduan, non foru legeak deitzen direnez, errekurtsoa Konstituzio Auzitegian jarri behar baita. Muga jarri behar zaie azken urteotako errekurtso eta epai piloari. Nolabaiteko segurtasun juridikoa eman behar diogu Ekonomia Ituna bezalako funtsezko elementu bati.
Era berean, Batasunaren Itunaren ondorio diren harremanen oinarrian dagoen erakunde autonomiaren printzipioa bete ahal izateko, ezinbestekoa da Europako erakundeek formalki onartzea Euskadik zerga gaietan duen berezko ahalmena. Horrenbestez, bukatzeko, dei bat luzatzen diet gipuzkoar guztiei, axolagabekeria alde batera utzita, jarrera aktiboa eta irmoa izan dezagun Ekonomia Itunaren alde.