2008-05-28LEHENDAKARIAK HERRI-KONTSULTARAKO BI GALDERAK AURKEZTU DITU
Lehendakariaren adierazpena
Hauek dira Eusko Jaurlaritzak adostutako galderak:
1. Ados al zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?
2. Ados al zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?
LEHENDAKARIAREN ADIERAZPENA:
Egun on!
Ez ohiko bilera egin du Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak gaur, 2008ko maiatzaren 28an, Herri Kontsultarako deia egin eta berau arautzen duen Lege Egitasmoa onartzeko.
Lege egitasmoa aurkeztu du Gobernuak gizarteari segurtasun juridikoa eman nahi diolako, konpromiso politikoa bete nahi duelako eta, gainera, horretarako argi eta garden jokatu nahi duelako, euskal gizarteari emanaz hitza
.
Zergatik?
Joan den urrian, Politika Orokorreko Eztabaidan, Lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapatero Presidenteari eskua luzatu eta itunerako egindako eskaintzari behin eta berriro uko egin diotelako.
Ezetza izan da eman diguten erantzun bakarra. Beti Ezetz! Herri honetako egoera politikoa etengabe oztopatzen duen harresi baten aurrean aurkitu gara. Eta ez gaude prest irtenbiderik eskaintzen ez duen gurpil zoroan bizitzeko.
Elkarrizketari eta irtenbideak bilatzeari ezezkoa ematerik ez genuela onartuko esan genuen. Herri honetako erakunde demokratikoek iniziatiba hartuko genuela, aurrera egiteko.
Euskal gizarteari emandako hitza bete egingo dugu!
Zer espero dugu?
Eusko Legebiltzarrarengandik, alderdi politiko guztien Baietza espero dugu, ziur baikaude ez dela egongo ez alderdi politikorik, ez eta legebiltzarkiderik, Euskal Herriari hitza emateari uko egingo dionik.
Ezin da ulertu, herriaren iritzia zein den jakiteak nolatan zati dezakeen gizartea.
Euskal gizartearengandik espero dugu herritar bakoitzak, zarata eta deskalifikazioa baino ez dakarren eztabaida politikoa eta hedabideetakoa alde batera utzirik, 45 segundo hartuko dituela bi galdera xume irakurtzeko, eta ondoren erabaki dezala zer egin behar duen, nola jokatu behar duen.
Ez utzi inori zure ordez erabakia hartzen!
Zer nahi dugu?
Bakea nahi dugu.
ETA, dagokion lekuan jarri nahi dugu… indarkeria behin betiko utz dezala exijituz.
Euskaldunen arteko Akordioa nahi dugu.
Egoera politikoa desblokeatu nahi dugu, alderdi politiko guztiei elkarrizketarako deia eginaz, 2010. urtea amaitu aurretik akordioa lor dezaten.
Eta nahi dugu euskal gizartea izatea prozesua abiaraziko duena 2008ko urriaren 25ean, eta prozesua itxiko duena erreferendum batekin 2010. urtean. Hau da, euskal gizartea izan dadila, eta euskal gizartea bakarrik, bide osoari zilegitasuna emango diona. Hasieratik amaiera arte.
Hauek dira Kontsulta Legeko galderak:
"Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?"
"Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?".
Printzipio Etikoa:
"Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?"
Zergatik? Zertarako?
1.- Bakea nahi dugulako
.
ETA, dagokion lekuan jarri nahi dugu… indarkeria behin betiko utz dezala exijituz.
2.- Euskal gizarteak, ETAren indarkeriaren aurkako konpromiso etikoa berrestea nahi dugulako, Ajuria Eneako Itunean eta Diputatuen Kongresuan 2005eko maiatzean egin zen modu bertsuan.
Han espresuki esaten zen "politika-mailako gorabeherak herritarren nahia ordezkatzen dutenen bidez soilik konpondu behar direlako printzipio demokratikoa" ezin uko eginezkoa dela, eta printzipio hau uneoro errespetatuaz "lndarkeriari elkarrizketa-bidez azkena emateko, horrekikoak egiteko benetako gogoan eta hori sinistarazteko moduko zalantzapiderik gabeko jarreratan oinarrituz, behar bezalako aukerarik izaten bada, Erresumako horretarako gai diren agintarien eta izu-ekintza bazter uztea erabakitzen dutenen arteko harreman-bideen alde gaude"
3.- Konpromiso hauekin bat etorriz, ETA eta indarkeria arbuiatzeko modurik biribil eta eraginkorrena, hura behin betiko desagertzea exijitzea delako, ETAri esanez politika egitea, politikariei bakarrik dagokiela, herriaren ordezkari egiazkoak direnei.
Printzipio Demokratikoa:
"Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?".
Zergatik? Zertarako?
1.- Euskaldunen arteko Akordioa nahi dugulako.
Euskaldunen arteko akordioak, Estatuak errespetatzea nahi dugulako, orain arte ez baita hala izan. Gernikako Estatutuak, euskaldunen arteko itun hark, 30 urte daramatza bete gabe eta, 30 urte daramatza bete gabe, Euskal Herriari emandako Hitzak.
2.- Egoera politikoa desblokeatu nahi dugulako, alderdi politiko guztiei dei eginaz, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz negoziatu eta akordioa lor dezaten.
Eremu guztietan erabakitzeko eskubidea. Autogobernu ekonomiko, sozial, kulturalaren… eremuan; beste euskal Erkidego eta Lurralde batzuekiko harremanen eremuan. Eta erabakitzeko eskubidea, Estatu espainiarrarekin nolako harreman politikoa izan nahi dugun; eremu horretan ere bai.
3.- "Elkarrekin bizitzea erabakitzeko" ahalmena izan behar dugulako
- Erabakitzeko ahalmenik ez badago, elkarbizitza ez da norberak hautatua, inposatua da!
- Elkarrekin bizitzea, eta erabakitzea, kontzeptu bereizezinak dira.
- Erabakitzeko eskubidea, eta askatasunean elkarrekin bizitzeko eskubidea nahi dugu
4.- Erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugulako euskal gizartearen ongizatea hobetzeko, gaur herri honetan bizi garen gizon-emakume guzti-guztien ongizatea. Duten pentsamoldea dutela, botoa ematen diotenari ematen diotela.
Hitz batean, erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugulako hobeto bizitzeko.
Gasteiz, 2008ko maiatzaren 28a