2009-11-25EUSKARARIK GABE EZ DAGO EUSKAL HERRIRIK
Markel Olano Arrese
Gipuzkoako Diputatu NagusiaUzturre fundazioak antolatutako hitzaldia.
Zergatik ez dago Euskal Herririk euskararik gabe?
Gure herriaren nortasunaren zatirik garrantzitsuenetarikoa (garrantzitsuena ez baldin bada) euskara da. Ez da gure nortasunaren elementu bakarra, baina giltzarria da.
Hizkuntzarekin eraikitzen da gure mundua: gure balioak, gure jarrerak, gure jokabideak, etab. Euskara desagertuko balitz, ez ginateke GU izango, beste zerbait baizik. Eta hori nori inporta zaigu? GURI!!
Ez naiz etorri atzera begiratzera, aurrera baizik. Baina, euskarak historikoki izan duen atzerakadaren bi arrazoi nagusiak agertu nahi nituzke. Batetik, Espainiar eta frantziar estrategia uniformatzailea: Errege bat, moneta bat, hizkuntza bat. Bestetik Euskaldunon kontzientzia falta.
Ondorioa: egitura politikoa eta herri kontzientzia BIAK dira ezinbestekoak hizkuntza batek (eta herri batek) bizirauteko.
BERPIZKUNDE GARAIA BIZI DUGU
Azken hogeita hamar urteotan euskara biziberritzeko prozesu sendo bat eraiki dugu Euskal Herrian. Hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean, unibertsitatean, euskarazko komunikabideetan, lan munduan, teknologia berrien esparruan eta, oro har, esparru sozial orotan izan dugun bilakaerari esker, gaur euskarak bizi duen egoera eta duela hogeita hamar urteko arras desberdinak dira.
Duela hogeita hamar urte, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle guztien artean, bostetik batek zekien euskaraz. Gaur egun, berriz, hirutik batek daki euskaraz.
Proportzio hori arrunt handitzen da lurralde eta eskualde batzuetan, baina nabarmena da belaunaldi gaztetan izan dugun aurerrapena: duela hogeita hamar urte belaunaldi zaharrenak ziren euskaldunenak; gaur, berriz, alderantzizkoa da:
- 20 urtetik beherako EAEko gazteen artean, % 65 elebiduna da
- 15 urtetik beherakoen artean, % 75 elebiduna da.
Denbora tarte honetan, biztanleria helduan, 200.000 inguru euskaldun berri irabazi ditu euskarak Euskal Autonomia Erkidegoetan.
Bilakaera honetan, euskal gizarteak argi eta garbi erakutsi du euskararen eta elebitasunaren alde dagoela, besteak beste haurrak eskolaratzerakoan; izan ere, hezkuntza sistemak eskaintzen dituen ereduen artean –D eredua (irakaskuntza euskaraz, gaztelera ikasgai), B eredua (irakaskuntza ele bietan) eta A eredua (irakaskuntza gazteleraz, euskara ikasgai)- argi eta garbi egin du apustu D ereduaren eta B ereduaren alde (batez ere D ereduaren alde). Aurtengo ikasturteko matrikulazio berrietan, berriz ere hazi den eredu bakarra D eredua izan da; eta A eredua, aldiz, % 5eraino jaitsi da.
Gizartea, beraz, argi eta garbi esaten ari zaigu euskara barneratu nahi duela bere bizitzan, eta etorkizuneko apustu sendoa egiten duela euskararen eta elebitasunaren eta eleaniztasunaren alde.
Ahalegin eta bilakaera honi esker, gaur egun, euskarak inoiz izan ez duen hiztun kopurua du; hiztunetan, gainera, inoiz izan ez duen alfabetatu kopurua du; orobat, inoiz jorratu ez dituen espazio funtzionalak irabazi ditu: familia, lagunarte eta auzo edo herri girotik harantzago, komunikabideetan, teknologia berrietan, aisialdian, unibertsitatean, lan munduan, erakunde publikoetan eta gizarte modernoaren esparru guztietan presente dago gaur egun euskara, hein batean edo bestean.
Euskararen beste bi lurraldeei dagokienez, Nafarroako Foru Erkidegoan euskararen berreskurapena, polikiago baina aurrera doa baita ere, eta Iparraldean, aldiz, urteetako galera prozesuaren erritmoa mantsotzea eta lehenengo berreskurapen-zantzuak ageri dira.
GARAI HAU ZERGATIK ETORRI DA? HERRI EKIMENA ETA INSTITUZIONALIZAZIOA
Xabier Leteren hausnarketa, Mikel Laboari Gipuzkoako Urrezko Domina eman genion egunean: 60ko hamarkadaren irakina (hizkuntzaren batasuna, ikastolen sorrera, Ez dok hamairu…) ala 80ko hamarkadako erakundetzea da XX. Mendeko gertakaririk garrantzitsuena Euskal Herrian? Biek dute garrantzi bera.
Herriaren konpromisoa ezinbestekoa da (kultur mundua, andereñoak, gurasoak etab.). Hori errekonozitzeko eman diegu aurten Urrezko Domina 60. hamarkadan Ikastolak herriz-herri sortu zituzten andereñoei.
Baina hizkuntza politika eraginkor bat aurrera eramateko lidergo politiko sendoa behar da, gizartearen nahiarekin batera berreskuratze-prozesua gidatuko duen lidergo eredugarria behar dela. Ikusi besterik ez dago hogeita hamar urteotako bilakaera zer desberdina izan den euskararen lurralde batzuetan eta besteetan.
Zergatik izan da euskal abertzaletasuna hain garrantzitsua euskara bultzatu eta garatzerako orduan? Alde batetik, abertzaletasunak herritarrengan euskararen premiaren kontzientzian sakondu duelako eta bestetik, euskarak bere garapenerako beharrezkoa duen egitura eta babes politikoaren aldeko lana egin eta lorpenak eskuratu dituelako. Halere, azken urteotako ibilbidean abertzaleon arteko zatiketak (eta horren arrazoi nagusia izan den bortizkeriak) ez dio inolako mesederik egin euskarari. Euskararen garapenak ahalik eta adostasun politikorik handiena eskatzen du eta ez zatiketa politikoa.
Beste ertzean, berriz, indar politiko estatalistetan, euskara gizartean leku hartzen eta zabaltzen joan den heinean, izan dira euskara “besteona” delakoan jokatzen hasi direnak. Gehienez ere, euskararekiko ustezko “tolerantzia” erakutsi dutenak, baina inola ere konpromiso sendorik hartu gabe, inola ere euskara benetan barneratu gabe. Teorian elebitasunaren alde egonik ere, praktikan “laisser faire” politika bat bultzatzen dute horiek.
Ez dago, ordea, hizkuntza politika neutrorik, Gizartean posizio ahulagoa duen hizkuntzaren aldeko politika positiboak baliatu behar dira herri aginteetatik, benetan aukera-berdintasunaren alde bagaude eta, benetan, herritarrei, nahi dutenean, hizkuntza ofizial bat zein bestea erabiltzeko aukera bermatu nahi badiegu.
Maizegi ikusten dugu, baina, esparru politiko estatalistatik euskara aipagai dutenean zentzu negatiboan aritzen direla; ez proposamen positiboak eginez, egindako proposamen positiboak auzitan jarriz baizik.
Oraindik orain, adibidez, birritan entzun diogu Osasun sailburu izendatu berriari auzitan jartzen Osakidetzan mediku lanpostuei ezarritako hizkuntza eskakizunak, esanez ez duela egoki ikusten medikuei gehiago baloratzea euskara ezagupen profesionalak baino (ez da egia gainera).
Azken batean, gainera, guk sinesten dugun elebitasuna elkarbizitzarako zutabe nagusietako bat da. Hizkuntzen elkarbizitzak gizartearen elkarbizitza hobetzen du, gizarte kohesioa sendotzen du eta, finean, Herri anitz eta moderno baten oinarriak bermatzen ditu. Guztiok dugu, beraz, zer ekarria lantegi garrantzitsu honetan: elebidunok eta elebakarrek, abertzaleok eta ez-abertzaleek.
ERABILERA: GAUR EGUNGO ERRONKA HISTORIKOA
Gure hizkuntzaren etorkizuna bermatu dezakeen urrats historikoa emateko aukera daukagu. Izan ere, nire irudiko, une erabakigarrian gaude euskarari dagokionez. Lehen aipatu ditugu hogeita hamar urteotan euskara berreskuratzeko prozesuak eman dituen emaitza positibo batzuk. Ezagupenean aurrera-jauzi ikusgarria egin dugu, kanpoko adituak gure egoera aztertzera etortzen zaizkigun bakoitzean aitortzen eta errepikatzen diguten bezala.
Eta ezagupenean jauzi ikaragarria egin dugun bezalaxe, erabileran ere jauzi handia egin dugu: duela hogeita hamar urte baino gehiago eta esparru gehiagotan erabiltzen da euskara.
Baina, hala ere, erabileran ez dugu ezagupenean adina aurreratu.
Guztiz logikoa da hau, ezagupenak ez baitu zuzen-zuzenean erabilera bermatzen. Soziolinguistikak erakuste duenez, hizkuntza baten erabilera bi faktore nagusik baldintzatzen dute: hiztunaren gaitasun linguistiko erlatiboak eta hiztun-sarearen dentsitateak.
Duela hogeita hamar urte ez bezala, gaurko euskal hiztun asko euskaldun berriak dira edo ez dute lehen hizkuntza euskara izan: euskara ikasiak dira, alegia. Gainera, euskaldun berrien dentsitate handiena hirigune handietan dago, hain zuzen ere euskal hiztunen sarea trinkoena ez den lekuetan eta, hortaz, euskaraz egiteko aukera gutxiago dutenetan.
Hori dena guztiz positiboa da euskararen berreskurapenaren ikuspegitik begiratuta: euskaldun berriek ekarpen eskerga egiten diete euskararen orainari eta etorkizunari; izan ere euskara biziberritzeko oso garrantzitsua da euskara etxetik dakarten hiztunei gehitu ahal izatea euskara eskolan edo heldutan ikasitako hiztun asko. Baina, lehenengo unean, horrek erabilera maila eta erritmo berean haztea mugatzen du.
Eta horren aurrean, zer?
Lehenik eta behin, euskararen erabilera landu behar da esparru guztietan: administrazioa, lan mundua, aisialdia, etab.
Euskara egokitu egin behar da gaur egungo gizarteak eskatzen dizkion funtzio guztietara, eta horretarako lan sistematikoa: tradizioa landu, ikerketa bultzatu eta eragile desberdinak talde lanean ipini. Horretarako, besteak beste, Mintzola.
Euskararen erabilerak duen arazorik garrantzitsuenetarikoa: nerabe eta gazteetan dauden gabeziak.
Gazteek euren kaleko bizitza egiteko ezinbestekoa duten “erregistroa” (hizkuntza “kolokiala”) ez dago behar adina landua.
Horretarako ezinbestekoa da gure kultur sistemak erregistro hori landuko duten edukiak sortzeko ahalmena izatea. Hor daukate zentzua bete-betean Tabakalera bezalako proiektuek.
Gainera, bide beretik, Internetek geroz eta garrantzi handiagoa du gazteen komunikazioan, eta hor euskarak presentzia egokia izan behar du
Horregatik, baita ere, Aldundian abian jarri dugun Gipuzkoa 2.0 bezalako egitasmoekin euskarari leku egokia, bizia, egunerokoa bermatu nahi diogu sarean, munduaren plaza nagusi berrian alegia.
Estrategikoa deritzogulako gazteek darabiltzaten harreman-bitarteko berrietan euskarazko komunitate sendoak sustatzea. “Sarean ez dagoena ez da” esan genezake gaur. Zorionez, baina, euskarak sarean duen presentzia –besteak beste gure gazteek hala hautatu dutelako- ustez bera baino hizkuntza sendoago diren askorena baino ugariagoa da. Euskararen komunitatearen bizitasunaren seinale da hori, eta aukera estrategikotzar landu behar delakoan nago. Erakundeok, kasu honetan, ezin dugu gizartea baino atzerago joan, eta horregatik ari gara Foru Aldundian euskara eta berrikuntza elkarri lotuta sustatzen.
Jarrerak aldatu. Gizartearen ituna izango litzateke halako egoeretan, hau da, euskara-hiztun aktiboak eta pasiboak presente dituzten ekintza komunikatiboetan, poliki-poliki euskarari presentzia handiagoa emateko joera hartzea. Hiztun pasiboek mezu-hartzaile gisa ez lukete oztopatuko ekintza komunikatibo hori euskaraz egin dadin, nahiz eta mezu-emaile direnean gazteleraz arituko diren. Egun, halako egoeretan, gazteleraz aritzeko joera dugu euskaldunok; ez gaude elebitasun asimetrikoetara ohituak. Halako ohitura edo itun soziala garatuz, ordea, hiztun pasiboen, euskara ikasien eta euskaldun berrien ekarpena balorizatuko genuke, hiztun aktiboak euskaraz aritzeko aukerak biderkatuko genituzke eta euskarari presentzia sozial sendoagoa eskainiko genioke, denen ekarpenari esker.
AZKENA Euskarak aurrera egingo du euskaldunok eta euskal hiztunok aurrera egiten badugu. Uste dut gure herriak lau erronka nagusi dituela epe hurbilean:
1. Botere politikotik hartzen diren neurrietan euskarak beharrezkoa duen babes eta bultzadan atzera pausurik ez ematea. Alderantziz, babes hori geroz eta gehiago indartzea.
2. Herritarren kontzientzia areagotzea, ilusioa sortuz. Horretarako ezinbestekoa da hizkuntza eztabaida politikoetatik ateratzea.
3. Munduan nagusitzen ari diren eredu kulturalekin bateragarri egin behar dugu euskarazko sorkuntza eta hedapena.
4. Komunikazio sistema propio bat behar dugu hizkuntzaren gizarteratzea eta etorkizuna ziurtatzeko.
Mila esker!