EAJ-PNV Gipuzkoa
castellano gomendatu gehitu faboritoetan alderdikidetu linkak intranet
NOR GARA NON GAUDEN UDALERRIAK AZKENAK
 
Udalerriak
Gipuzkoako mapa
AZKENAK
AUKERAK
 
BOLETINAK
Harpidetu zaitez:



 
 
2010-05-25
MARKEL OLANO: ´LARRIA LITZATEKE ZAPATEROREN NEURRIAK EUSKADIN KOPIATZEA, EZ DIRELAKO KRISIARI AURRE EGITEKO NEURRIAK ETA EZ DUTELAKO AINTZAT HARTZEN EUSKAL BEREZITASUNA´


Lehiakortasunaren aldeko hitzarmen bat nahitaezkoa dela esan diote Lopez lehendakariari hiru Diputatu Nagusiek, Udalen finantziazioa Diputazioen esku dagoela defenditzeko eskatu diote eta PSOEren gobernuaren erabakiagatik pentsiodunek jasango duten kaltea konpontzeko neurri fiskalak aztertzen ari direla berri eman du Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak.

Markel Olanok esan du Zapateroren gobernuaren neurriak larrialdi bati erantzuteko direla, epe motzekoak eta ez dutela balio krisi ekonomikoari aurre egiteko. Hala azaldu diote Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Diputatu Nagusiek, Olanok berak eta Jose Luis Bilbao nahiz Xabier Agirrek, Patxi Lopez lehendakariari EUDELeko buru Jokin Bildarratzekin batera guztiek lehendakaritzan egindako bileran, Olanok Euskadi Irratian adierazi duenez.

Euskal autogobernuaren berezitasuna defenditu beharra

Bilerak argi utzi duena izan da ikuspegi eta planteamendu desberdinak dituztela Diputatu Nagusiek eta Lehendakariak. Lege-dekretuko neurriak ez daude bere horretan Euskadin ezartzerik, egoera bestelakoa delako bai lurraldeetan bai Administrazioan, eta batez ere euskal berezitasun juridiko-politikoa kontuan hartu behar delako eta defenditu beharra dagoelako. Lehendakariak hori ez aintzat hartzea eta Gobernu zentralaren erabakiak kopiatzea larria dela salatu du Markel Olano Diputatu Nagusiak.

Hala, Euskadin ze ekinbide politikotik jo behar den adosteko, Kontzertuaren Batzorde Bitarikoa deitu beharra dagoela zehaztu diote Patxi Lopezi hiru lurraldeetako agintariek.

Bestetik, udalek ezingo dutela mailegurik eskatu 2012 arte erabaki du Zapateroren gobernuak. Bada, horren aurrean ere Euskadiren berezitasuna gogorazi diote Patxi Lopezi Diputatu Nagusiek. Sistema propioa daukagula Euskadin, alegia, udalen finantziazioa Diputazioen eskumena dela eta beraz, euskal autogobernuaren defentsa egin behar duela esan diote argi eta garbi Lopezi, Madrilen hartutako erabakia ez dagoelako ezartzerik Euskadin.

Lehiakortasuna bultzatzeko hitzarmen bat, ezinbestekoa

Diputatu Nagusiek beren proposamenak eraman dituzte lehendakaritzara krisiari aurre egiteko, enpresak kontutan izango dituztenak eta lehiakortasunari lagunduko dioten neurriak, erantsi du Olanok. Ezagutzaren eta zientzia eta teknologiaren arloak bultzatzeko egitasmoak garatu behar direla esan diote Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Diputatu Nagusiek Patxi Lopezi, eta lehiakortasunaren aldeko hitzarmen bat sinatzea proposatu diote. Kontua da krisiari aurre egiteko eta euskal industria eta herria aurrerabidean jartzeko, ezinbestekoa dela epe ertain eta luzerako neurriak hartzea, azaldu dute hiru lurraldeetako agintariek lehendakariarekin izandako bileran.

Diputazioak pentsiodunei laguntzeko neurri fiskalak aztertzen

Markel Olanok berri eman duenez, PSOEren gobernuaren erabakiz pentsiodunek jasango duten diru-galera dela eta, Diputazioak aztertzen ari dira fiskalitate aldetik zer egin dezaketen kalte hori konpontzeko. Izan ere, oso larria da krisia gizarteko herritar ahulenek ordaindu behar izatea, erantsi du Gipuzkoako Diputatu Nagusiak.

Funtzionarioen soldata bataz beste %5 jaisteko neurriaz, berriz, hiru Ahaldun Nagusiek Lopez lehendakariari esan diote beren iritziz hobe dela funtzionarioen soldata jaistea baino arlo publiko osoa hartu eta soldata guztiak izoztea.

Orain Diputazioak eta Jaurlaritza bata bestearen proposamenak begiratzekotan geratu dira,  baita lege-dekretua zehatz-mehatz aztertzekotan ere.
 
Gipuzko Buru Batzarra Tel.: 943 11 88 88 www.gipuzko.com