2010-06-07JOSEBA EGIBAR: PPK EZ DU ALDATU BERE ESTRATEGIA EUSKAL AUZIARI BURUZ ETA BESTETIK, EKONOMIA ESPAINIARRA EUROPAK KONTROLATUA EGONIK ZAPATEROK AHULTASUNAREN ETA SINESGARRITASUN EZAREN ARAZOAK DAUZKA.
Joseba Egibar Gipuzkoako EAJren batzorde-buruak normaltasun politikotzat jo du Antonio Basagoiti, Euskadiko PPren presidentearen eta Iñigo Urkullu, EBBko presidentearen arteko bilera. Bestetik esan du Jose Luis Rodriguez Zapaterok sinesgarritasun ezaren eta ahultasunaren arazoa daukala eta egoera horren eraginez aurrekontuen negoziaketarako bere hitza ez dela fidagarria ohartarazi du buruzagi jeltzaleak. Halaber, Egibarrentzat beharrezkoa da Euskadiko erakunde guztiek elkar hartzea krisiaren aurkako neurrien irizpideak koordinatzeko.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, lider jeltzaleak azaldu du PPk euskal politikaren esparruan bere burua azaldu nahi duela eta, desberdintasunak desberdintasun, beharrezkoa dela alderdi politikoek elkarrekin hitz egitea. Egibarrek erantsi du Basagoitiren presidentetzarekin azala aldatu bada ere, mamia lehengoa dela eta euskal auziari eta EAJri buruz Partidu Popularrak daukan estrategia politiko sakona ez dela aldatu. Buruzagi abertzaleak gogorazi du PPk estrategia bera partekatzen duela Alderdi Sozialistarekin EAJ baztertzeko eta estrategia hori egokitzen jarraituko dutela. Estatu-erabaki funtsezko baten ondorioa da hori, atzera biderik ez duena eta datozen foru eta udal hauteskundeetan berriro gauzatuko dena, ziurtatu du Egibarrek erantsiz gizartetik eta politikatik erantzun egingo zaiola.
Zapateroren Gobernuaren aurrekontuen alde egitearen truke zer eskatuko lukeen galdetu diotenean, EAJko buruzagiak argi esan du Zapateroren hitza balioa galduta dagoela gaur egun eta ez dela sinesgarria ez etxean, sozialisten artean, ezta kanpoan ere. Egibarrek dio okerra dela pentsatzea 'Zapatero zenbat eta ahulago orduan eta etekin handiagoa'. Zapateroren arazoa eta politiko ororena bere hitzak fidagarritasuna galtzea da, nabarmendu du jeltzale gipuzkoarrak. EKOFIN erakunde europarraren galbahetik pasa beharra daukan ekonomia izanik Espainiakoa, Gobernuko presidentearen ahulezia hain da handia non berak agindu dezakeena ez baita sinestekoa, jakinarazi du Egibarrek.
Patxi Lopezi buruz, berriz, honen lidergo eza gogorazi du buruzagi jeltzaleak. Krisi egoera honetan, Lopezen gobernua ez dabil, erritmorik gabekoa da, ez die gertaerei aurre hartzen baizik atzetik ibili ohi da, eta gainera Zapateroren gobernuak bezala jokatzen du. Beharrezkoa da Jaurlaritza, Foru Aldundi eta EUDELen arteko elkar hartzea krisiaren aurrean irizpideak adosteko eta gastu publikoaren jaitsiera koordinatzeko, baina eginbehar hori atzeratzen ari da, gaztigatu du Joseba Egibarrek.