EAJ-PNV Gipuzkoa
castellano gomendatu gehitu faboritoetan alderdikidetu linkak intranet
NOR GARA NON GAUDEN UDALERRIAK AZKENAK
 
Udalerriak
Gipuzkoako mapa
AZKENAK
AUKERAK
 
BOLETINAK
Harpidetu zaitez:



 
 
2010-06-21
EAJk OHARTARAZI DU ABERTZALETASUNARI MUGAK EZARTZEKO ASMOA DUELA ESTATUAK: GAUR EGUNGO MARKO JURIDIKOAK EZ GAINDITZEA
 Irudi Bilduma

PSOEk eta PPk bat eginik daramaten Estatu-estrategiaren aurrean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen inguruan indarrak biltzeko deia egin du Markel Olanok

Euskal abertzaletasunarentzako politikaren muga: Estatua ez haserretzea

Beasaingo batzoki berriaren inaugurazioko ekitaldian, Joseba Egibar GBBko presidenteak hizpidera ekarri du politika egiteko abertzaletasunari mugak ezartzeko asmotan ari dela Estatua. Eta honela laburbildu du asmo hori: "gainditu ezin den langa Estatua haserretzea da" izan ere "haserretzen bada, eraso egiten du eta legeak aldatzen ditu". Horren adibidea da Estatutu Politiko Berriaren aurrean Estatuak emandako erantzuna, zehaztu du.

Buruzagi jeltzaleak azaldu du "Estatua haserretu egin zela, ikusirik Herri honek bere etorkizuna erabaki nahi zuela", ez zuela onartu helburu hori gauzatzeko Legebiltzarrak egitasmo bat onartu izana eta Alderdi Sozialistak eta PPk estrategia bateratu bati ekin ziotela egitasmo haren garapena galarazteko. Estrategia horrek ekarri du EAJ-ri Lehendakaritza kentzea, nahiz eta Alderdi Sozialistak baino 81.400 bozka gehiago eta 5 legebiltzarkide gehiago lortu. "Kontua ez zen lehendakaria alderdi batekoa edo bestekoa izatea, baizik mugak ezartzea abertzaletasunari", erantsi du.

GBBko presidenteak adierazi du "gero, beraiek (PSOEk eta PPk) laguntza eske etortzen zaizkizu elkar baztertzeko, baina biak ados jartzen dira euskal mapa elektorala kontrolatzeko, abertzaletasuna kontrolatzeko eta EAJ alde batera botatzeko, oraingoan EAJ egokitu delako", nabarmendu du.

Eta Estatu-estrategia horren adierazpen garbia Jesus Egiguren, PSEko presidentearen gogoetak biltzen dituen agiria da. Bertan garbi aitortzen da guztia diseinu politiko jakin bategatik dela, izan ere ageriki esaten baitu legez kanporatzea, esate baterako, oso eraginkorra gertatu ahal izan dela iragan hurbilean baina kalterako izan daitekeela etorkizun hurbilean. Alegia, honek esan nahi du aitortu egiten dela "ilegalizazioa -120.000 pertsona hautes-ontzitik ateratzea edo sartzea- Estatuaren diseinu politikoaren arabera dagoela", azaldu du Egibarrek. "Ze demokrazia da hau?", egin du galdera.

Egoera honen aurrean, GBBko presidentea konbentziturik mintzatu da "etorkizuna geurea dugula" esanez. "Onerako edo txarrerako, Estatuak orain urte eta erdi hartu zuen erabakiak ez du atzerabiderik", adierazi du. "Ez zen izan EAJ Jaurlaritzatik kentzeko operazio hutsa; alderantziz, helburua zen ez zedila aurrera atera Legebiltzarraren babesa zeukan egitasmoa; eta abertzaletasunak hori erabakita dauka: aurrera egingo du egitasmo horrek edo giltzarri bereko antzeko beste batek. Horixe da, hain zuzen, «Ados» egitasmoarekin hasi dugun bidea", gaineratu du.

"Abertzaletasunaren baitan azaltzen diren etiketa desberdinek zatitu besterik ez dute egiten eta zatiketa horrek ahultasuna sortzen du"

Ekitaldi berean, Markel Olano Diputatu Nagusiak azpimarratu du abertzaletasunaren gaur egungo erronka, bat egitea dela. Euskal herriaren "autodeterminazio eskubideari bultza egingo dion gehiengo sozial eta demokratikoa" biltzea da oraingo desafioa eta abertzaleen arteko "elkarlana" aldarrikatu du. Honen harian, Olanok ziurtatu du "abertzaletasunean azaltzen diren etiketa desberdinek -ezkerrekoak, eskuinekoak, ekologistak...- zatitu besterik ez dutela egiten eta zatiketa horrek ahultasuna sortzen duela".   

Beraz, PSOE eta PP elkartzen dituen Estatu-estrategiaren aurrean, "banatzen gaituzten etiketa horien gainetik, helburu bateratu batzuk lortu behar dira abertzaletasunaren baitan, bidea elkarrekin urratzeko eta bide horretatik gehiengo demokratiko bat eragiteko, honek erabakitzeko eskubideari bultza egin diezazion".

Aldi berean, Diputatu Nagusiak "politika egiteko era berri baten alde" egin du, "herritarrak" hurbiltzeko. Eta dei bat egin du adi ibiltzeko gizartean gertatzen ari denarekin eta esan du abertzaletasunak "euskara eta internet" izan behar dituela iparrorratz gizartean gertatzen ari diren aldaketetara "azkar egokitzeko".

EAJ-k urratua dauka bere bidea: Euskadi herria dela aitortzea eta erabakitzeko eskubidea

Halaber, Egibarrek ohartarazi du "EAJ-k urratsak egin dituela, konprometitu egin dela eta arriskatu hamarkadaotan" aitortza hori gauzatzeko. "Lehenago edo geroago, batzuek zein besteek onartu beharko dute gatazka politikoa dagoela eta euskal herria badela aitortzetik eta erabakitzeko eskubidetik igarotzen dela konponbidea", iragarri du. "Nahiz eta gatazka politikoa zertan datzan azaltzean desadostasunak eta anitzak izan gure konbikzioak -batzuek esan arren gatazka politikoa eta erabakitzeko eskubidea izan badela eta beste batzuek Euskal Herria badela ukatzeraino ere iritsi arren-, norbaitek eseri beharko du mahai baten inguruan arazoa konpondu nahi badu", erantsi du.

"Debekatutako Kontsultaren" galderak erantzuten ari gara

Bozeramaile jeltzalearen hitzetan, "azken finean, orain egiten ari garena zera da: debekatutako Kontsultaren bi galderei erantzuten", Legebiltzarrak gehiengoz onartu eta Estatuak galarazitako Kontsulta, alegia, bi galdera hauek egiten zituena:

Ados al zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea? (Burukidearen aburuz, galdera honi ari zaizkio erantzuten zenbait ekintza eta erabaki ere).

Ados al zaude euskal alderdi guztiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egitasmo baten bidez gauzatzeko elkarrizketa edo negoziazio-prozesu bati ekitearekin?

"Bi galdera hauei erantzun behar zaie orain eta gero ere", gaineratu du. "Ez dugu Kontsulta egin debekatua izan zelako baina arazoa ez da desagertu; aitzitik, debekuak handitu egin du arazoa", azpimarratu du.

Ezker abertzalearen erabakia garrantzitsua da alde batekoa delako, hots, beraiek erabakitzen du ETAren zain egon gabe; eta ETA ez bada arrastoan sartzen ezker abertzalearen disidentzia bilakatuko da

GBBko presidenteak ere hitz egin du ezker abertzalea egiten ari den bideaz. "Garrantzitsua da nahiz eta berandu datorren", nabarmendu du. "Urte batzuk joan dira 98tik eta herri hau askoz ere baldintza hobeagotan egongo zatekeen garai hartako konpromisoak bete izan balira; baina ez ziren bete eta denbora iragan da. Guk gure bidea egin dugu eta zutabeak jarrita daude", esan du.

Ezker abertzalearen erabakiaren garrantziari dagokionez, "funtsezko gauza bat dago, erabakigarria: alde bateko erabakia dela". Hau da, "beraiek hartu dute erabakia eta ez daude ETAren zain".

"30 urteko atzerapenez datoz, edo gutxienez 12 urte berandu, Lizarra-Garazikoaren ondoren. Baina, alde bakarreko erabakia hartu dute soilik bide politiko eta demokratikoetatik jotzeko". Eta erantsi du "ETA ez bada erabaki honen arrastoan sartzen ezker abertzalearen disidentzia bihurtuko da. Hori hala da".

Bere hitzaldian, Egibarrek nabarmen utzi du "horrek eskemak hausten dizkiola Estatuari". "Rubalcabaren burutapenen arabera, aurrez ETAren su-etenak gertatu behar du, gero denborak beraiek kudeatu eta finkatu ahal izateko", azaldu du Gipuzkoako buruzagi jeltzaleak.
 
Gipuzko Buru Batzarra Tel.: 943 11 88 88 www.gipuzko.com