2010-05-31
EAJ-PNVren ustez, udal gobernuaren porrota nabaria da.
Zinegotzi jeltzaleen aburuz, egun udal gobernukideak aurreko legealdian salatzen zutena areagotu dute.
Planifikazio orokorrak fallau dau. Hala esan zuen Roke Akizu egungo alkateordeak hauteskunde kanpainan. Hiru urte pasa dira orduzgeroztik eta Soraluzeko EAJ-PNVk bereak egin ditu adierazpen horiek egungo egoera salatzeko. Jeltzaleen ustez, Soraluzeren egungo egoera penagarria da, eta horretara heltzera egun udal gobernua osatzen duten kideek lagundu dute.
EAJ-PNVren zinegotzien ustez, hiru urte hauetan herritarrak udal gobernuak hasi dituen erdialdeko urbanizazio lanak eta aparkaleku gabezia pairatzen ari dira. Ildo beretik, jeltzaleen udal taldeak honakoa gogoratu du: "Batzuek U delakoan aparkalekuak egiteko proposamena egin zuten; beste batzuek Erregetxen aparkaleku publikoak. Non gelditu dira baina, egindako promesa horiek guztiak?".
Hori dela eta, EAJ-PNVren udal taldearen iritziz, udal gobernuaren porrota nabaria izan da; izan ere bere garaia salatu zutena orain areagotzen ari dira. Alderdi jeltzaleko zinegotzien esanetan, udal gobernukideei azkenean mozorroa erori zaie.