Alderdikide izateko eskabidea, eta honen gauzatzea, eskatzailea bizi den herriko Uri Buru Batzarraren edo, haren ezaz, herririk hurbilenekoan egingo da.
Arrazoi justifikaturik badago, beste Uri Antolakuntza batean jaso liteke bada, alderdikidetasuna, Uri Buru Batzar biren arteko akordio egokia aurretiaz burutuz gero.
Alderdikidetasun eskariak, egiten duenaren sinadura beharko du, alderdikidetuta gutxienez bi urte daramaten beste alderdikide biren babesa eta Uri Antolakuntzetako alderdikideek ezagut dezaten agerian egotea ere.
Bizitokiz aldatzerik gertatuko balitz, alderdikideak aldakuntzaren berri emango du Uri Buru Batzarrean; honek, era berean, helbide berriaren arabera dagokion Uri Buru Batzarrari jakinaraziko lioke. Uri Antolakuntza berriak derrigorrez onartu beharko du, antzinakotasuna errespetatuz.
Kasu berezietan, bizitokiz aldatzen den alderdikideak lehenengo Uri Antolakuntzan jarraitzea nahiko balu, posible litzateke, Antolakuntza bien arteko aurre-akordioa ematen baldin bada.
Uri Antolakuntzak hartutako alderdikidetasuna onartzeko edo ukatzeko ebazpena ziozkoa izango da. Ebazpena hiru hilabeteko epearen barruan egin eta idatziz jakinaraziko zaio eskatzaileari eta bermatzaile biei. Ebazpenik ez badago, ukatutzat joko da eta babesa eman diotenei jakinaraziko zaie. Ukapen guztiak, baita isilekoak, dagokion Herrialde Buru Batzarrari jakinaraziko zaizkio ukapenaren zergatia azalduz.
Edozein alderdikidek Uri Batzarrera jo dezake Uri Buru Batzarraren alderdikidetasuna emateko edo kentzeko erabakia, Uri Batzar honek bi hilabeteko gehienezko epean hartu beharko du erabakia.
Alderdia nahita utzi duten alderdikideek dagokien Uri Antolakuntzaren bitartez bakarrik eskatu ahal izango dute alderdian berriz sartzea, alderdia benetan utzi zuten egunetik bi urtebete igaro ondoren.
Bizilekuz aldatu izan balu, ezinbestekoa izango zaio utzi zueneko Uri-Antolakuntzaren txostena.
Eskatzailea, Alderdiaren jokaera ideologikoak, egitaraua eta eraketa jakinarazteko emango diren prestakuntza-ikastaroetara derrigorrez joango da.
Alderdikidetasun-eskaria dagokion Herrialde Buru Batzarrak ebatziko du ondoko kasu hauetan:
a) Eskatzaileak aurretik Alderditik bota dituztenean, edo Alderdia nahita utziz, honi kalte handiren bat egin diotenean. Botatze edo uzte egunetik hiru urtebete igaro behar izango dute berriz sartzea eskatu ahal izateko. Alderditik egotziak izan badira, Herrialde Buru Batzarrak dagokion Epaimahai zigortzaileari eskatuko dio zigor hori ezarri eragin dioten arrazoi guztien txosten osoa.
Kasu bietan, eskatzailea lehen zegoeneko Uri Buru Batzarrari edo sartu nahi duen berriari (edo biei) eskatuko die idatzizko txosten bat Alderdia utzi zuenetik zer nolako ihardun politiko agertu duen erakutsiz.
b) Eskatzaileek beste alderdi bateko alderdikide izan direnean, edota beste alderdi politiko baten eskutik hauteskundeetara aurkeztuak edo herri-agintari izateko jarduteko aukeratuak izan direnean.
c) Garrantzi bereziko arrazoiak direla eta, Uri Buru Batzarrak Herrialde Buru Batzarrari txostena igortzen dionean.
d) Aurretik ere Alderdikidetasuna eskatu eta ukatu bazitzaion Herrialde Buru Batzarrak entzun beharko du Uri Buru Batzarra erabakirik hartu baino lehen. Edozein alderdikidek dagokion Herrialde Epaimahaiaren aurrera jo dezake Herrialde Buru Batzarraren erabakia. Euzkadi Buru Batzarrak Aberri Batzarraren onespenera jarriko du Alderdikidetasuna lortzeko arautegia, baita formularioak, zerrenda-liburuak, diru-sariak jasotzeko jarraibideak, etab., bateratzeko arautegian ere. Honela, eta aldizkako berriztapena zainduz, alderdikidetasunarekin zerikusia duten arazoak modu bizkor eta eraginkor batez ezagutu ahal izango dira. |