EAJ-PNV Gipuzkoa
castellano gomendatu gehitu faboritoetan alderdikidetu linkak intranet
NOR GARA NON GAUDEN UDALERRIAK AZKENAK
 
Udalerriak
Gipuzkoako mapa
NON GAUDEN
Gipuzko Buru Batzarra
Batzar Nagusiak
Foru Aldundia
 
Euskadi Buru Batzarra
Eusko Jaurlaritza
Eusko Legebiltzarra
Nafarroako Legebiltzarra
 
Madrileko Kongresua
Madrileko Senatua
Europar Parlamentua
 
AUKERAK
 
BOLETINAK
Harpidetu zaitez:



 
Euskal Herrian
 
Eusko Legebiltzarra
1. Joseba Egibar Artola


EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko lehendakaria naiz. Halaber, Euzkadi Buru Batzarreko kidea naiz eta EAJ-PNVren Legebiltzar Taldearen bozeramale Eusko Legebiltzarrean.

49 urte ditut, Isabelekin ezkonduta nago eta bi seme-alaben aita naiz, Ixiar eta Xabier. Egun Donostiako Antigua auzoan bizi naiz.

Udal Administrazioaren funtzionaria naiz eszedentzian. Eusko Jaurlaritzako Lur Antolamendu eta Etxebizitza eta Kultura ordezkari izan nintzen Gipuzkoan 1985etik 1989ra bitartean.

Nire ibilbidea hobeto ulertzeko esan behar dizuet, famili abertzaleko seme, 1959ko azaroaren 23an Andoainen (Gipuzkoa) jaio nintzela. Agian, Santa Zezilia biharamunean jaio nintzelako edo, baina betidanik izan dut musikarekiko zaletasun berezia. Gogoko dut lagunartean esku soinua edo pianoa jotzea: Baita musika emanaldietara joatea edota musika etxean lasai entzutea.

Gazte nintzela kiroletan, futbola, pilota, bizikletan... asko ibili naiz. Horietan atakerako baino defentsarako hobea nintzen. Egun, bizikletan gogoz jarraitzen dut.

Giza eskubideak eta herri minak bultzaturik, gaztetatik politikarako grina eta zaletasuna izan dut. 16 urte besterik ez nituela Euzko Alderdi Jeltzaleko eta EGIko (EAJ-PNVren gazte erakundea) kide egin nintzen. Ordutik hona, Euskal Herriko politika lehen eskutik bizi izan dut. Gogoan dut oraindik nire lehendabiziko mitina. Azpeitian izan zen, nik 19 urte besterik ez nituen eta Gernikako Estatutuarentzat baietza eskatzeko Xabier Arzalluzekin batera igo nintzen oholtzara.

Oso gazte Alderdi barruko ardurak hartu nituen, eta Euskal Herriaren Askatasuna lortzeko itxaropenean, buru-belarri politikagintzako lapikoak mugitzen ibili naiz.

1987an EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko Lehendakari izendatu ninduten eta . segidako urteetan zeregin horretarako berrautatua izan nintzen, horrela ardura horretan jardun nintzen 2000. urtera arte. 2004ko maiatzean berriro ere Gipuzko Buru Batzarreko Lehendakari izendatua izan nintzen. 1987tik hona EBBko kidea naiz, eta ordutik eta 2004ra batzorde honen bozeramalea.

Eusko Legebiltzarkidea naiz 1990tik eta EAJ-PNVren bozeramale Gasteizko Ganbaran 1998tik hona.

Niretzat, Eusko Legebiltzarraren adierazpen argi eta zalantzaezinezko batek esanahi gorena du, eta, herri ordezkaritzaren lekuko horrek, emaitza negoziatzera eta aintzat hartzera derrigortzen du Estatua, halabeharrez.

 
 
 
2. Bakartxo Tejeria Otermin


Orain 37 urte jaio nintzen Donostian, nere lehen urtea Larraulen bizi izan banuen ere, ezkondu nintzen arte Villabonan hazi eta hezi nintzen. Gaur Donostian bizi naiz.

Ikasketa guztiak zientzietara zuzendu banituen ere azken momentuan Zuzenbide ikasketak egitea erabaki nuen.

Karrera amaitu ondoren beste abokatu batzuekin bulego batean hasi nintzen lanean, bake epaile lanetan ere aritu nintzen nire herrian zinegotzi aukeratu ninduten arte, bateraezintasunengatik utzi egin behar izan nuen.

Politika munduan lehenik zinegotzi gisa hasi nintzen. Zinegotzi nintzela Legebiltzarkide hautatu ninduten. Legebiltzarkide izateaz gain, nere herriko alkatea ere izan naiz.

Legebiltzarrean arrantza eta nekazaritza batzordean, osasun batzordean, erakunde eta herrizaingo batzordean eta lana eta gizarte gaietan aritu naiz. Gizarte Zerbitzuen legearen arduraduna izan naiz.

Aparteko afiziorik ez daukat, moda zerbait jarraitu, liburu batzuk irakurri eta tarteka igerilekuan luze batzuk egiten ditu.

 
 
 
3. Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola


Zumaian jaio nintzen, 1967ko urtarrilaren 15ean, eta Zumaian bizi naiz geroztik. Zuzenbidean lizentziatu nintzen Deustuko Unibertsitatean, eta horrek, besteak beste, Bilbo ezagutzeko eta bertan lagun onak egiteko aukera eman zidan. Baita harrezkero nire lagunkide dudana ezagutzeko ere.

Unibertsitatean nenbilela, Euskaldunako langileak Deustuko zubian barrikadak pizten zituzten garai hartan, kostaldeko herrietatik joanda bertan ginen lagun taldekoak txiste beltzak egiten genituen, ikasketak amaitu ondoren non lana topatuko... Beno, azkenean, han eta hemen.

Urte batzuk beranduago Zumaiako EAJ-ak bertako udal zerrendatan joateko proposamena egin zidan. Eta, benetan, herriko zinegotzi izateko aukera hura ohore ikaragarria iruditu zitzaidan: Euzko Alderdi Jeltzalearen eskutik, herriaren alde lana egiteko aukera ematen baitzidan.

Bi agintalditan Euskara, Kultura, Festak, Turismoa eta Udal komunikazio ardurak izan nituen. Eta 2003tik 2007ra bitartean Zumaiako Alkate ere izan nintzen. Azken urte horretatik hona, berriz, nahiz eta EAJ izan zen beste behin ere, hauteskundeetan garaile, nire taldeko bozeramailetza lanetan, oposizioan nago.

Horretaz gain, 2003tik hona Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kide naiz, eta 2008ko urtarriletik Gipuzku Buru Batzarreko burukide.

Erakundeetan ardurak izan ditudanenan bereziki kezkatu naute euskararen sustapenak, ingurumenak eta etxe-bizitza publikoaren aldeko ekimenek. Iraunkortasunaren ideiaren defendatzaile naiz, bai ekonomian, bai ingurumenaren zaintzan eta baita gizarte politiketan ere.

Udalbiltzan jarduteak aukera eman dit Euskadiko lurralde ezberdinetan abertzaletasunak eta euskal kulturak eta nortasunak bizi dituzten egoerak ezagutzeko, egoera horiek kasu gehiegitan larriak direla ere esango nuke, baina urte hauetan talde-lan emankorra egiteko aukera ere izan dugu Udalbiltzaren eskutik.

Denbora libre pixkat daukadanean, gizonarekin batera mendi tontor batzuk igotzea dut gogoko, eta sasoia denean, basoetan zehar onddoak topatzeko asmotan ibiltzea. Egia da horrelakoetan ia beti emandako pausoak otarrean bildutako perretxikoak baina askoz ugariagoak izaten direla...

Irakurtzea ere beti izan dut gustoko. Ikaragarri gustatu zaizkidan liburuak?. "En busca del tiempo perdido" Proust-ena, eta "El amor en los tiempos de cólera", García Marquez-ena. Beno, horiek aipatzekotan, beste asko ere bai. Egia da azken honetan nahiko lardatx nabilela, liburu asko hasita, eta denak mahai gainean: "La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina" Larsson-ena (eleberri beltza gustokoa dut), eta orain dela gutxi oparitu didaten "El capitalismo del shock, el auge del capitalismo del desastre", Naomi Kleinena, edo "Travesuras de la niña mala" Vargas Llosarena. Horretaz gain, gure Euskal Herriko bazterrak ezagutzea, lagun artean ibiltzea eta, ahal denean, kanpin-denda hartu eta egun batzutan eszenatokiz aldatzea.

 
 
 
4. Luke Uribe-etxeberria Apalategi


Luke Uribe-Etxebarria Apalategi naiz eta Beasainen jaio nintzen 1965eko ekainaren 25ean. Urteak dira Asteasun bizi naizela, Ernio mendi mitikoaren magalean.

Unibertsitate ikasketek Iruñeara eraman ninduten lehenik. Han Informazio Zientziak ikasketak egin nituen. Gerora, pausu zeharo handiagoa eman nuen eta Lovainako Unibertsitatera (Beljika) joan nintzen, Ikasketa Europear eta Zuzenbide Komunitario Ikasketak burutzera. Enpresa mundua ere beti atsegin izan zait, horregatik, azken buruan, Enpresen Zuzendaritza eta Administrazio Masterra egin nuen Donostiako Deustu Unibertsitatean. Hori orain arte, bizitza, ekinez eta ikasiz egiten dela pentsatzen baitut. Beti ere, bizi-nahi kodeetan eta izpiritu baikorrarekin.

Nire bizitza personal eta profesionaleko zenbait urte Bruselan eman nituen, Europako instituzio nagusienen gunean, hain zuzen. Lehendabizikoz, orduko Euskal Autonomia Erkidegoko Informazio Bulegoan lan egin nuen, egun, zorionez, Euskadik Bruselan duen Ordezkaritza dena. Gerora, Europar Batasuneko Erregioen Batzordean garatu nuen nire jarduna. Garai interesgarri eta ederra izan zen hura niretzat. Unibertsitate Karrera berria bailitzan hartu nuen. Nazioarteko giroan mugitzeko aukera izan nuen eta jatorri eta pentsaera ezberdineko jentearekin hurrenez-hurren lan egiteko beta izan nuen. Eta, era berean, euskal pabilioia mailarik gorenean uzteko erantzukizuna ere izan nuen. Horrela, gure enpresa azpiegitura, gure kultura, gure hizkuntza eta gure nortasun politikoa defendatu nituen han. Sasoi honetan, bizi garen mundu globalizatuan euskal gizartearen eta euskal enpresen garapen-hasiera ikusi nuen. Pentsatzeko, egiteko eta bizitzeko bestelako modu batzuk ikasi nituen. “Euskal” jatorrizko guztia errespetatzen zela nabaritu nuen Bruselan eta euskaltasun horrek ekarpenak egiteko nahikoa gaitasun zuela ere ohartu nintzen. Berezko nortasun horretatik, persona eta Herri gisa sekula galdu behar ez den nortasun horretatik, uste dut, ikastea eta ekarpenak egitea direla XXI.mendeko modernitatearen giltzarri.

Egungo krisi ekonomikoak gogora dakarzkit 90.hamarkadako hasieran bizi genituen une latzak. Gure enpresa azpiegitura txiki-txiki eginda zegoen. Langabezia tasak jasanezinak ziren. Baina Alderdi gisa eta Eusko Jaurlaritzaren bidez, ideia argi eta beharrezko erabaki estrategikoak hartzeko gai izan ginen: industriaren alde apostu egin genuen, “klusterrak”antolatuz gure produkzio-azpiegiturak dibertsifikatu eta neurriak berriz ezarri ziren, gure enpresak nazioartera zabaldu ziren, kalitatearem kontzeptua garatu zen eta ikerketa eta garapena bultzatu ziren. Hori guztia, gure enpresentzako egitarau larriak antolatzeaz gainera; 3Ra bezala, Garapen Programa edo, esaterako, Bizkaiko Altzairutegi Trinkoetako (ACB) Altos Hornos-en birmoldaketa edota Vitoria-Gasteizko Mercedes Plantan VITO furgonetaren fabrikatzearen sustapena. Beraz, egungo egoerataz ongi irtengo garela konfidantza dut, are gehiago, jakinda, giza-estaldura handiagoa dugula eta, Ibarretxe Lehendariak “Euskadiko Bigarren Ekonomia Eraldatze” gisa izendatu duenari, bultzada sendoa emanez.

2001eko amaieratik naiz Legebiltzarkide. Pribilegio eta erantzukizun handia. Nire oroimenean une ahaztezinak ditut gordeta, 2004ko abenduaren 30ean onartu genuen Euskadiko Estatutu Politikoa esaterako edota 2008ko ekainaren 27an onartutako Konsulta Legea. Ez dezala inork pentsatu hutsean gelditu direla. Zinez uste dut Euskadiko normalizazio polítiko eta bakegintzari ekiteko ezinbesteko mugarri historiko direla.

2008ko hasieratik Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) kide naiz eta 2003tik Asteasuko zinegotzi. Biak ere erantzukizun handiko zereginak. Zinegotzi lanak nire herrikideen eguneroko arazoetaz zuzenean arduratzea ahalbidetzen dit.

Errealarekin “sufritu” egiten dut, eta, datorren denboraldian Lehe Mailan ikustea gustatuko litzaidake. Sukaldaritza atsegin dut, nire lagun kuadrillarekin mahai oparo bat konpartituz edo elkarrizketa bareko afari lasai baten ardo gorri gozo bat dastatuz. Naturak bere indarra erakusteak liluratzen nau, beti ere, hondamendiak eragiten ez baditu. Opera arte eszeniko osokoena dela pentsatzen dut baina ez diot muzinik egiten pop-rock kontzertu on bati (Donostiako Bruce Sprinsteen-en kontzertua gogoratzekoa izan zen hainbat arrazoiengatik). Dantza ere atsegin dut, ballet moderno, garaikide edo neoklasikoa batez ere. Hamabi urtez Beasaingo Aurtzaka euskal dantza taldean aritu nintzen. Gogoratzeko esperientzia hura ere.

Kirola jarraitzen dut eta harekin disfrutatu ere. Dela edonolako norgehiagoka zuzenean edo telebistan ikusirik, dela nik neuk kamiseta izerdiz bustirik. Denbora dudanean irakurtzen dut, intriga edo suspense eleberriak batez ere. Artea ere atsegin dut, bere aldaera guztietan baina, beti, zentzu baikorrean. Komunikazioa, bizitza eta kolorea eskaintzen duen artea dut nahiago, ezezkotasun eta ezkortasunari ihes eginez.

Nire ilobanenganako zaletasuna dut eta, bereziki, alababitxi Olatz eta Bilboko semebitxi Inaxiorenganako, haiekin denbora gehiago egotea gustatuko litzaidake baina.

 
 
 
5. Eider Mendoza Larrañaga


Eider Mendoza Larrañaga azpeitian jaiotako hondarribitarra da. 34 urte ditut eta Enpresa Ikasketetan Lizentziatu nintzen Bordelen, Frantzian. Han ezagutu nuen ondoren nire senarra izango zena. Euskera, gaztelania eta frantsesa menperatzen ditut eta ingelesarekin ere moldatzen naiz. Hiru seme-alabaren ama naiz: Leire, Mattin eta Lander.

Legebiltzarreko lan jardunean, langile eta adostasunera heltzeko trebetasuna dudala esaten didate nere lankideek. Batzutan berbati, bestetan isil. Komeni denean sutsu, eta, beti ere, abertzale.

Legebiltzarkidea naiz 2001.urtetik eta, besteak beste, EAJ-PNVren ordezkari izan naiz ondorengo Lege hauetan: Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak bermatzeko Legea (2008), Turismoa antolatzeko Legea Aldatzekoa (2008), Familiak laguntzeko Legea (2008), Gizarte Bazterkeriaren aurkako eta Giza Eskubideen Agiriaren Legea Aldatzekoa (2008), Familia Bitartekaritza Legea (2008), Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko Legea (2005) eta Errepideko Bidaiari Garraioaren Legea (2004).

 
 
 
6. José Luis Garitano Muñoa


Arrasaten 1946an jaiotako bergararra naiz, eta Donostian bizi naiz. Ezkonduta nago eta lau seme-alaba ditut.

Ingeniari teknikoa naiz, eta oposizio bidezko irakasle numerarioa. Bost urtez enpresa pribatuan aritu nintzen lanean, hamahiru urte irakaskuntzan, bederatzi Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean (LHko zuzendari nagusia) eta azken hemeretzi urteetan AdegiFor-en. Lehendabiziko lau urteetan, Adegiko idazkariorde nagusi izan nintzen, eta, ondoren, zuzendari nagusi beste hamabi urtez.

Nire ibilbide profesionalean, beste hainbaten artean, honako programa garrantzitsuak egin ditut: enpresariak eta gerenteak gaitzeko eredu berritzaileak ezagutzea eta sortzea, lanbide hezkuntzako proiektuak antolatzea eta kudeatzea enpresariekin eta sindikatuekin batera. Gainera, mugaz gaindiko proiektuak sustatzen eta garatzen ere egin dut lan, enpresariekin, sindikatuekin eta unibertsitateekin elkarlanean.

Izan dudan ibilbide profesional honi esker, ikuspegi paregabea daukat Euskadik hurrengo urteetan izango dituen arazo konplexuei heltzeko, gure nazio nortasuna abiapuntu hartuta, herrialde honetako biztanle guztientzat ahalik eta bizi baldintza onenak sortzen jarraitzeko.

 
 
 
7. Marivel Vaquero Montero


Orain 38 urte jaio nintzen eta urnietarra naiz. 25 urte nituenetik herrigintzari eskaintzen diot denbora; hala deitzea gustatzen zait niri. Herritarrentzat lan egiten. Lan politikoa Kultura zinegotzi gisa hasi nuen. Edonola ere, Euskara zinegotzi ere izan naiz, baita Gizarte Ongizate eta Haurtzaro eta Gazteria zinegotzi ere.

Gaur egun, 2007ko ekainetik, Gipuzkoako Biltzar Nagusietako biltzarkide naiz, baita Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu eta Barne Erregimen batzordeetako bozeramaile ere. 2007ko uztailetik legebiltzarkide naiz, baita EiTBko administrazio batzordeko kide ere.

Politikari ona izateko, zintzotasuna, ausardia eta hitzekoa izatea ezinbestekoa dela iruditzen zait.

Zuzenbidean lizentziatua naiz, eta Herri Erakundeen kudeaketa graduondokoa egin nuen, erabat euskaraz.

Ezkonduta nago eta bi alabatxo ditut, Maria eta Nora, sei eta bi urtekoak. Ahalik eta denbora luzeena eskaintzen saiatzen naiz.

Nire beste zaletasuna liburu on batekin, film batekin edota lagunen konpainiarekin gozatzea da.

 
 
 
8. Alex Etxeberria Aranburu


Alex Etxeberria Aranburu nauzue. Azpeitian jaio nintzen 1967ko maiatzaren 18an jaio zen. Ezkonduta nago eta bi seme ditut.

Informatikan lizentziatua naiz, eta Enpresa Kudeaketan masterra ere badut.

Euskaraz, erdaraz zein ingelesez aritzeko gai naizela esan dezaket.

Azpeitiko Uri Batzarreko presidentea izan naiz, eta egun Aberri Batzarrean Gipuzkoako ordezkaria naiz.

Nire zaletasunen artean, nere familiarekin egotea eta irakurtzea nabarmentzen ditut. Hori bai, teknologia berriekin eta argazkilaritzarekin zerikusia duten gaiak ere apasionatu egiten naute oso.

 
 
 
9. Ane Urkiola Alustiza


Ane Urkiola Alustiza naiz. Legazpin jaio nintzen 1967ko apirilaren 5ean. Ezkonduta nago eta bi ume txikiren ama naiz.

Zuzenbidean lizentziatua naiz, masterduna ere banaiz Enpresa Kudeaketan. Gradu-ondoko prestakuntza zabala dut Zuzenbide Konstituzional arloan eta Administrazio Publikoaren inguruko gaietan. Halaber, Unibertsitateko aditua naiz Ogasuna eta Finantza Publikoak arloan. Bereziki gustuko dut gai hori.

Nire lana Eusko Jaurlaritzaren Administrazioko Goi Arloan garatu izan dut, funtsean Sail ezberdinetako arlo juridikoetan eta aurrekontu gaietan .

Sendi abertzale eta alderdikidean sortua izan naiz. Eta, niretzat, ohore handia da 1993 urtetik Legazpiko Uri Buru Batzarreko kide izatea.

Industria eta Nekazaritza arloko zinegotzia izan naiz Legazpiko Udaletxean 1995-1999 legegintzaldian. Azken udal hauteskundeetan zerrenda-burua izanik gaur egun EAJ-PNV taldearen zinegotzi eta bozeramailea naiz.

Zaletasunak, aspaldiko partez ditut apur bat baztertuta, baina aitortu behar dut olioan margotzea eta bidaiatzea ditudala gogokoen.

 
 
 
10. Garbiñe Mendizabal Mendizabal


Zaldibiarra naiz, ezkonduta nago eta alaba eta semea ditut.

Euskal Filologian lizentziatu nintzen Deustuko unibertsitatean (Donostia) eta HIZNET Hizkuntza Plangintza gradu-ondokoa (Euskal Herriko Unibertsitateko berezko titulua) dut.

Ordiziako udaletxeko euskara teknikari lanetan ibili naiz1984tik.

1991-1995 urteen bitartean Zaldibiako zinegotzi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzarako Zuzendari izan naiz.

Hainbat urtetan Zaldibiako Uri-buru batzarreko lehendakari moduan jardun dut.

2008tik Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide naiz

Juan Mendizabal Jauregiri esker nago politikan, nire aitona, hain zuzen. Nire aitona alkate izan zen Zaldibian Francoren tropak Zaldibian sartu zirenean, eta kartzelaratu zutenean. Abertzale fina, zuzena eta langilea zen eta bera dut eredu. Politikan izan ditudan arazoen aurrean, beti izan dut gogoan aitona eta hori da arazoei erantzuteko gogoan izaten dudan pertsona. Azken finean, Juan Mendizabalek, eta berak bezala beste askok, egindako lana, sufritutakoa eta gozatutakoa alferrik ez galtzeko ari naiz.

 
 
Gipuzko Buru Batzarra Tel.: 943 11 88 88 www.gipuzko.com