• 14 EKA 14

    EAJ-PNV-k Markel Olano eta Eneko Goia aurkeztu ditu Diputatu Nagusirako eta Donostiako alkatetzarako hautagaiak izateko

    Ekitaldian ere Gipuzkoako hamalau herritako alkatetzarako hautagaiak aurkeztu dituzte

    Gipuzkoako EAJ-PNVren Erki Batzarrak Markel Olano eta Eneko Goia aurkeztu ditu Gipuzkoako Diputatu Nagusirako eta Donostiako alkatetzarako hautagaiak izateko. Aurkezpena PREST ekimenaren azkeneko batzorde-txostengilearen ekitaldiaren aurkezpenarekin batera egin dute – GBBren presidente Joseba Egibarrek eta GBBren burukide Xabier Barandiaranek gidatutako txoten politikoa –. Gogoan izan, alderdi jeltzaleak PREST ekimena egin duela 2015eko udal eta foru hauteskundeetara begira. Era beran, ekitaldian bertan beste 14 herritako hautagaiak aurkeztu dituzte.

    EAJ-PNVren GBBren presidente Joseba Egibarrek aukeratuak izan diren hautagaiei eskertu die herrigintzan lan egiteko aurrerapausoa eman izana eta honakoa azpimarratu du: “Hamaika hilabete barru egingo dira udal eta foru hauteskundeak eta EAJ-PNVk proiektu sendoa du. Arduraz lan egiteko unea da, izan ere, erronka oso garrantzitsua dugu aurrean”.

    Ildo beretik, Joseba Egibarrek esan du, egun, Gipuzkoa noraezean dagoela Bilduren kudeaketa kaxkarraren ondorioz, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako ia udal gehienetan egiten ari den kudeaketa kaxkarraren ondorioz. Izan ere, Bilduren aginteko erakunde horiek guztiak geldi daude. Ez dute argi zer egin behar duten eta ez dute besteonganako errespeturik. Hortaz, herritar guztientzako gobernatu behar da eta ez, ordea, Bilduk egiten duena: erakundeak erabili bere proiektua garatzeko. Hau da, Bilduk ez ditu herritarrak aintzat hartzen. Horiek horrela, Egibarrek adierazi du, EAJ-PNVk herritar guztien mesederako gobernatu nahi duela eta horretarako proiektu argia, gardena eta abertzalea duela: alegia, proiektu arduratsua.

    Era berean, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak segidakoa azpimarratu du: “Ezker Abertzaleak noraezean dabil, ez da egoki kudeatzen ari eta ideia bakarra darabil buruan: EAJ-PNV erasotzea. Eta horren arrazoia da Sortu eta EAJ-PNV izango direlako etorkizunean herri honetako indar politiko nagusiak. PPk eta PSE dagoeneko ez dira herri honetarako alternatiba”. Hortaz, Joseba Egibarrek esan du, EAJ-PNVk izan behar duela Gipuzkoaren lidergoa: “Kalera ateratzeko unea da. Alderdia herritarrengana hurbildu behar da, proposamen zehatzak egin behar ditu eta proposamen horiek tokian tokiko beharrekin uztartu behar ditu”.

    Bestalde, Gipuzkoako Diputatu Nagusi izateko hautagai Markel Olanok honakoa azpimarratu du: “Gure erronka da herritarrei konfiantza eskaintzea. Horretarako, ezinbestekoa da herritarrei ardura eta protagonismoa ematea. Eta hori lortzeko arlo guztietan elkarlanean aritu behar dugu”. Horrenbestez, Olanok adierazi du, erakunde publikoek ezin dituztela herritarrak nerabeak bezala tratatu. Eta hori da, hain zuzen ere, Bilduk egiten duena: inposizioan oinarritutako kudeaketa. Ezin ditugu herritarrak autoritarismoz eta paternalismoz tratatu, baizik eta, herritarrak parte hartzeko baliabideak egin behar ditugu eta hitza eman behar diegu. Herritarrei utzi behar diegu erabakiak hartzen. Parte-hartzea ezinbesteko tresna izango da herritarrak politikara eta erakundeetara berriro hurbiltzeko.

    Azkenik, Donostiako EAJ-PNVren udal-taldearen bozeramailea eta alkatetzarako hautagai Eneko Goiak eskerrak eman dizkie alderdikideei bere taldeari eman dioten babesagatik_ “Erronka oso handia da eta ilusioz hartzen dugu, hain zuzen ere, herritarrei proiektuan parte hartzeko ikusarazi behar diegun ilusioz. Herritarrak proiektuan parte-hartzea lortu behar dugu, izan ere, EAJ-PNVren proiektua parte-hartzailea da; aldaketarako proiektua da; hiri berritzaile, ireki eta kultura anitzeko dela sinesten dutenentzat; konplexurik gabeko hiria; eta dogmarik, sektakeriarik, inposiziorik eta bazterketarik gabeko hiria”. Hortaz, Goiak segidakoa adierazi du: “2016ko kultura hiriburutza edo Tabakalera proiektu oso garrantzitsuak dira Donostiarentzat, baita Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat ere. Hala ere, ezin ditugu ahaztu beste hainbat proiektu, besteak beste, Abiadura Handiko Trena, trena Donostiatik igarotzeko pasabidea eta Anoeta Estadioaren birmoldaketa. Izan ere, horiek guztiak ere badira etorkizuneko hiri berritzailea egiteko proiektuak. Eta hori guztia, gainerako erakundeekin elkarlanean egin nahi dugu. Euskadiri ekarpenak egingo dizkion Donostia nahi dugu”.